berria.info

 

Igandea, 2014ko apirilak 13a.

 

Ikerketez ikerketa.

 

Bihar jai.

 

Mikel Elorza.

 

Bi futbol direktiboren arteko bahiketa saiaketaren albistea izan da Espainiako Mediterraneo aldean. Barregarria egiten da notizia, baina ez da broma elkarren artean zeuzkaten (futboletik eratorritako) negozioen diru kopurua: Milioika euro. Barregarriak gu gara, futbolariak miresten, estadioak pagatzen, kamisetak erosten, banderak balkoietan jartzen.

 

Esaera berria. Selekzioei buruzko txosten baten berri ere izan dugu, juridikoa hau. Ez dagoela lege aldetik oztoporik euskal selekzioentzat. Politikoak direla, alegia, oztopoak, eta alderdi juridikoarena aitzakia dela, hura baliatzen duenaren kasuan.

 

Legezko oinarri horrek ekimen zehatz batzuetarako abiapuntu balio baldin badu, ongi etorria. Oinarria, ekimena eta gauza gehiago beharko dira-eta. Madrilen aste honetan Kataluniako Legebiltzarreko ordezkariei egin zaien harrera ikusita –betikoa izan dena, bidenabar esanda-, oinarria eta ekimena baino puskaz gehiago beharko da.

 

Legeria, izan ere, ezertarako oinarri ahula da. Borondate baten ispilua izan beharko luke, izatekotan. Eta eskuarki atzetik dator, oso atzetik. Legearen zain egon den gizarte mugimendua goseak hil da, dio oraintxe okurritu zaidan esaera berriak.